"(Ama) iza ala ez izan" erabakitik abiatuko da emanaldia, eta horrek
amatasunaren esperientzia batzuk agertzeko bidea eskainiko digu,
ezagutzen ditugun ereduen eta gustatuko litzaizkigukeen ereduen arteko
joan-etorrian. Enpatia eta aitortza ariketa bat amatasun mota
guztiekiko, eta hausnarketa bat gizartean figura horrek betetzen duen
paperarekiko. Proiektu artistiko bezala berritzailea iruditzen zaigu bertsoa eta dantza elkarrizketan baliatzea, baina ez bakoitza bere aldetik, kontakizun baten elementu banaezin bezala baizik. Ez dugulako bertsoa dantzatuko, edo dantza bertsotan emango. Istorio bat kontatuko dugu eta horretarako eskura dugun lengoaia guztia baliatuko dugu: musika, gorputza, ahotsa, hitza, espazioa, eszena... Erronka gisa ikusten dugu figurak lausotzea ere, dantzaria kantura ekarriz eta bertsolaria dantzara.